Skip to content

Latest commit

 

History

History
78 lines (47 loc) · 8.87 KB

BEGONA.md

File metadata and controls

78 lines (47 loc) · 8.87 KB

Begoña Bilbao Alboniga

Liburu honetako berba bakoitzean,
bermeotar askoren boza dago,
batez ere, nire familiako jendearena,
gaur ez daudenak nire ondoan,
ama, aita eta Miren, nire ahizparen
ahotsak, eta bereziki nire senarrarena,
zurea, Manu..., zu barik ez zen
posible izango lan hau burutzea.

Maite zaituztet

SARRERA

Aurretik dagoen eskaintzan azaltzen den bezala, bermeotar askoren ahotsa dago jasota liburu honetan, baina, aitortu beharra daukat, bi liburuak burutzeko orduan, era askotako laguntza izan dudala, eta, batez ere, ulerkortasun handia. Pazientzia eskerga izan dute askok nire etengabeko galderei erantzuten. Urteetan zehar galdetuak izan diren pertsonak kontaezinak dira, adin guztietakoak eta sexu bietakoak. Euren artean, ia laurogeita hamar urtetik gora dauzkatenak, eta burua oso argi oraindik. Beraz, eskerrak emateko orduan, denok hartzen zaituztet besarkada baten, eta bihotz bihotzez eskerrak ematen dizkizuet.

NOLA SORTU ZEN LANA

Lan hau, karrera amaitu eta lasterrera, doktoretza tesia egitea pentsatu nuenean hasi zen sortzen. Aurretik bizpahiru lan, txikiak, eginda neuzkan Deustuko Unibertsitatean ikasten jardun nuenean. Fontso Irigoien (goian bego), nire irakaslea izandakoak animatu ninduen, eta bere burua eskaini ere bai nire tutorea izateko. Hau ere kontutan izatekoa da. Baina, astirik ezaz, hor geratu zen proiektua.

Bi urte beranduago, Bizkaiko Foru Aldundiak ematen zituen beketara aurkeztu nuen lan hau, eta beka lortu ere bai.

Hiru urte geroago, Bermeoko Udalak emandako bekari esker, Bermeoko Euskara: Aditza eta Fonetika lana burutu nuen. Orduan bi lanak batera argitaratzea pentsatu nuen, eta horrela proposatu nion Udalari. Ontzat hartu zuen nire proposamena, baina gaur arte ez dut izan argitaratuta ikusteko zoria. Eskerrak, sekula ez baita berandu, azkenean burutzen badira.

LANAREN ZERGATIA

Askotan galdetu didate, lan hauen berri izan duten askok, zerk eraman edo bultzatu ninduen lan hauek egitera. Erantzuna ez da bat ere sinplea, faktore asko izan direlako lanean jarri nindutenak. Baina, euretariko bat, garrantzitsuena beharbada, hain berezia eta aberatsa den mintzairatik berbak galtzen doazela ikustea konturatzea izan zen. Eta anekdota bat kontatu barik ezin pasatu: Bermeoko berbak batzen, Frankoren demanduan hasi ginen lagun talde bat. Bakoitzak batzen zituenak taldeko bati ematen genizkion gordetzeko. Asko ziren bildutakoak, taldekide horren amak, momentu batetik bestera sekretak bisita egitera joango zitzaizkienaren susmoa hartu zuenean, beldurraz sutara bota zituenean. Gero, neu bakarrik hasi nintzen lan horretan, baina guztien laguntzaz.

Hemen agertzen diren berba asko galduta edo galtzeko zorian daude. Hizkuntza batek beherantz egiten duenean, laster galtzen dira berbak, esamoldeak, eta abar; baina badago beste faktore bat galtze honen arrazoia dena: berba landuak erabiltzearen alde egiten dugula, geure geureak direnak baztertuta.

Baina, esan beharra dago, oraintsu egindako hiztegietan badatozela guk erabiltzen ditugun berba batzuk, lehen agertu ere ez zirenak egiten. Eta, egia esan, hori poztekoa da. Horregatik, bide horretatik jo behar dugu, geuk ere, galduta edo galtzear dauden berba horiek berreskuratu egin behar ditugu. Eta hori da nire lanaren helburua. Beharbada idatzita ikustean garrantzi gehiago emango diogu geure altxorra den hizketa berezi horri. Gainera, idatzita utzi ezkero, betirako geratuko da hor. Beste askok egin dute, beste hizkera batzuen azterketa eta bilduma. Beraz, lan hauek beste batzuk egiteko atea irekitzen badute, nire helburua beteta geratuko da.

Lan honetan agertzen diren berba eta esamoldeak, portzentaia handi baten, Bermeon bakarrik erabiltzen direnak dira. Askotan Mundakan erabiltzen direla esaten da, baina, seguru, hori ere geurea dena.

Esamolde bakoitzak bere filosofia dauka. Esaldietan, Bermeoko giro, egoera, bizimodua, ekonomia egoera, arrantzako gora-beherak, baserrikoak, ohiturak, janzkera, eta abar, islatzen dira. Eta hori, neuk nahi izan barik, lanak berak eraman nau berak nahi izan duen esparrura, eta nik amen esan diot. Bermeo ulertzeko modu berezi bat, bere berbak eta esamoldeak ezagutzea da zalantzarik gabe.

LANARI BURUZKO AZALPENAK

Hasiera baten, itsas giroko berbak izan ziren: arrain eta txorien izenak, arrantzako tresneria, itsasontzietako eta arrantzako egoera eta lanak, eta abar oso luze bat definitzeko berbak. Baina, esan bezala, urte asko pasatu denez, tartean Anton Perezen Bermeoko Herri Hizkera eta Eneko Barrutiaren Bermeoko eta Mundakako Arrantzaleen Hiztegia argitaratu direnez, beste bide bat hartu nuen. Beraz, arrantzale giroak daukan eragina Bermeoko eguneroko hizkeran kontutan harturik, eta itsaso, arrain, arrainontzi eta arrantzari buruzko elementuak, deskribapenak, metaforak eta konparaketak egiteko erabiltzen direla ikusita, guzti hori adieraziko diguten berbak eta esamoldeak bakarrik uztea erabaki dut. Hala ere, bateren batzuk geratu dira barruan.

Bermeoko euskara oso bizia da, baina gogorra ere bai, askotan erasorako eginda dagoela pentsatzen dut. Kostaldeko euskara horrelakoa dela esan ohi da, baina badago diferentziarik. Bizkaian, Ondarru eta Bermeokoa dira gogorrenak, tonu biziagoan mintzatzen gara, Elantxobekoa ere bai apur bat, baina Lekeitiokoa oso mantsoa da.

Adibide ugari jarri da. Ez dakit zenbat. Milaka dira esaldiak. Bestalde, berba asko kendu beharra egon da, gehiegi luzatzen joan baita lana. Beste batzuetan, hitzaren forma guztiak hartu dira, hau da, izena, aditza eta adberbio forman sartu dira.

Erdaratik hartuta dauden hitzak geureganatzeko gaitasuna izan dugu beti. Gaurko gaztelanian erabili ere egiten ez diren berba asko, eta konkretuki, Amerikako leku askotan gordetzen direnak dauzkagu geureganatuta eta geure erara erabilita. Baina, egia esateko, inork ezin igarri erdaratik hartuta daudenik.

BERBA ETA ESAMOLDEAK ETA EUREN ZENTZUA

Askotan, hitzaren zentzu zehatzean barik, beste zentzu bat emanda agertzen dira. Horregatik, testuinguru baten sartuta hobeto ulertuko dugu zer nahi duen esan. Esamoldeetan ere berdin gertatzen da. Eta hauen esanahiaz jabetzeko, esaldia irakurtzea baino ez dago, hortik aterako baita zentzua. Hori bai, pazientzia eskatzen du ariketa honek. Baita bermeotarrentzat ere.

Gainera, liburu honek beste zerbaitetarako ere balioko duenaren itxaropena daukat, hau da, eztabaidarako: etxekoen artekoa, kalean sortu daitekeena, kritikarako (ni prest nago kritika guztiak onartzeko), eta abarrerako. Horrez gain, besteren bat edo beste batzuk lan honi jarraipena ematen edo zuzenketak egiten animatzen badira (bizirik banago), aurkituko naute.

OHARRAK

  • Ortografia errespetatu den arren, h-rik ez da sartu.
  • Maileguzko berbetan, j beloko frikari gorra, bere horretan utziko dugu.
  • Bustidurarako joera horregatik, askotan, zx egingo dugu.
  • Batzuetan adizkien forma ezberdinak agertzen dira: emon / omon edo etor / otor. Horrek esan nahi du biak erabiltzen direla, testuinguruaren arabera.
  • Berba batzuk, hiztegietan zer nolako definizioz agertzen diren azaltzen dira. Ez badago azalpenik hiztegietan agertzen ez delako, edo gaur egun zentzu konkretu bakarra ematen zaiolako izan da.
  • Ahalik eta argien jartzen saiatu arren, ezinezkoa gertatzen da gehienetan, laburpenak asko direlako, hizkuntza askotan gertatzen den bezalaxe. Aditza eta Fonetika liburuan, Bermeoko euskaran sarrien ematen diren aldakuntzak azaltzen dira. Baina horiek idatzita ikustean, oso zail egiten zaigu ulertzea. Esaterako — eta batzuk bakarrik aipatzearren — honela egiten ditugu honako hauek:
  • izan → ezan

  • behar → bi

  • begiratu → beitu

  • dogu → du

  • egingo → eingo/ingu

  • ezer ere ez → ezebez

  • Askotan agertzen da tstz eginda, hori baita gure joera. Biak agertzearen arrazoi berezirik ez dago.

j eta dx grafiak:

  • Aparteko azalpena behar du dx grafia honek. Lan osoan ikus daitekeenez, grafia horrek ordezkatzen ditu j [] sabai-aurreko afrikatu ozena, eta j [ž] sabai-aurreko frikari ozena. Ez genuke idatzi behar horrela, ez delako Bermeoko hizkeran erabilitako soinua. Oraindino ez dakigu nola konpondu soinu hori irudikatzen duen grafiaren arazoa. Baina ez daukagu beste biderik. Nik aspalditik erabiltzen dut dx hori, nahiz eta gustukoa ez izan, zeren, badakit, ez dela egokiena, x sabai-aurreko frikaria izan arren ahoskabea da, eta guk egiten duguna ozena da. Baina zerbait behar eta hori hartu dut. Grafia hori, edo besteren barerabiliko ez bagenu, bustidurak nagusi diren Bermeoko euskara idatzian j baino ez genuke ikusiko, eta orduan bai gertatuko litzaigukeela zailagoa ulertzea. Bermeoko euskara idatzian honelakoak ikusi ditugu: jj, ds. j eta besteren bat ere bai, goian aipatutako soinuak ordezkatzeko, baina horiek askoz ere desegokiagoak direla uste dut.

Dena den, dx grafia horren alde, duela urte asko agertu zen Azkue. Ortuzarrek ere, 1925ean argitaratu zuen bere Oroigarriak liburuan ere grafia hori erabiltzen du.